XAKEKO TALDEKAKO EUSKAL LIGA.

(2014ko urtarrilaren 11tik martxoaren 8ra).

 

 

 

OHOREZKO MAILA.

 

 

 

         ARRASATE/ARLUTZ-ENTZAT ETEKIN GEHIEN.

 

            Bosgarren txandan Grosek abantaila mantendu zuen Sestaorekiko. Bere aurkaria (Easo) errazagoa ematen zuen Sestaorena (Conteneo) baino. Dena den, bi puntuko aldea areagotzea helburu zaila zen, Sestaok talde guztiak txikitzeko ahalmena baitauka.

 

            Azkenean biek puntu erdia utzi zuten bidean. Grosentzat ongi, Liga amaitzeko gutxiago falta delako. Sestaorentzat oso gaizki ez, ordea, aurkaria zertxobait indartsuago zuelako.

 

            Donibane Kirol Elkartea Ak beste urrats bat eman zuen hirugarren amaitzeko. San Viatorrekin berdintzea ez dirudi lorpen handia, baina puntu aldea ongi administratzea da Donibanekoen lana orain. Maisuen arteko lehian, David Astasio arabarrak Roi Reinaldo gainditu zuen.

 

            Batallak Zuri Baltzari eroso irabazi zion: 3-1. Hirugarren geratzeko xedeari eutsi zion horrela. Zuri Baltzarentzat ez zen emaitza ona izan. Hala ere, Orvinatik puntu erdira dago sailkapenean.

 

            Hain zuzen ere, Orvinak pairatu zuen Arrasate/Arlutzek emandako bigarren ustekabea. Sestaori irabazita bezain handia ez izanda ere, ez zen 1’5-2’5ko garaipen hori espero, mahai guztietan Orvinakoek elo gehiago zutelako.

 

            Seigarren txandak lehia interesgarria dauka Iruñean: Donibane Kirol Elkartea A – Gros. Hau da, hirugarrena lehenengoaren aurka. Lehenengo mahaian lana izanen du Grosek. Gainontzekoetan irabaz dezake, baina inork ez du ezer dohainik ematen.

 

            Bitartean, Sestao saiatuko da lau puntuak eskuratzen Bilbon Zuri Baltzaren aurka.

 

            Easo – Batalla eta Conteneo – Orvina A lehiek sailkapena zehaz dezakete. Hau da, Easo lehenengo mailarako bidean jarri eta Orvina azkeneko postuetatik urrundu.

 

            Arrasate/Arlutz – San Viator neurketa orekatua aurkezten da. Beraz, sasoia alderatzeko aukera ona.

 

            2014-02-08.

 

                Iturria: Euskal Xake Federakuntza.