berria.info

 

Asteartea, 2014ko otsailak 11a.

 

Grosek bi punturen aldea du Sestaorekiko Euskal Ligako sailkapenean.

 

Lau jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta azken saioan donostiarrak eta sestaoarrak elkarren aurka ariko dira.

 

Josu Tornay.

 

Iragarpenak betetzen ari dira aurten ere Euskal Xake Ligan, eta Gros eta Sestao ari dira nor baino nor gehiago txapeldun izateko lehian. Gaur-gaurkoz, Donostiako taldea da lehena sailkapenean. Bi punturen aldea du Sestaokoarekiko (Bizkaia) liga amaitzeko lau jardunaldi falta direla. Hain zuzen ere, txapelketako azken jardunaldian —martxoaren 8an jokatuko da—, Gros eta Sestao ariko dira elkarren aurka. Beraz, ustekaberik ezean, egun hori iritsi arte itxaron beharko da Euskal Liga nork irabaziko duen jakiteko. Biek estropezurik egin ezean, Grosek aukera asko du txapeldun izateko.

Oreka astebete atzera hautsi zen. Ordu arte parekotasuna zen nagusi bi faboritoen artean —Sestao zen aurretik, baina puntu erdiko aldea besterik ez zuen—, baina laugarren jardunaldian ezusteko galanta gertatu zen. Sestaok 2,5-1,5 galdu zuen Arrasate-Arlutz talde igo berriaren aurka. Oso deigarria izan zen Mario Gomez maisu handiak nola eman zuen amore Aitor Alcaideren aurrean.

Baten galbidea, bestearen onura. Jardunaldi berean Grosek aise irabazi zion Zuri Baltzari (4-0), eta lehen postuan jarri, bi punturen aldearekin. Asteburu honetan jokatutako jardunaldiak ez du ezer aldatu sailkapeneko lehen bi postuetan, biek nagusitasunez irabazi baitute: Gros 3,5-0,5 nagusitu zaio Easori, eta emaitza berarekin Sestao Conteneori. Beraz, bi puntu daude oraindik lehen bi sailkatuen artean. Beste taldeei dagokienez, Arrasate-Arlutzen maila ona da ezustekoa, seigarren baita, jaitsieratik nahiko urrun.


Sailkapena.

 

EUSKAL LIGA.

1. Gros 17,5 puntu.

2. Sestao 15 pt.

3. San Juan 13,5 pt.

4. Batalla 10 pt.

5. Conteneo 9 pt.

6. Arrasate-Arlutz 8,5 pt.

7. San Viator 7,5 pt.

8. Orvina 7 pt.

9. Zuri Baltza 6,5 pt.

10. Easo 5 pt.