XAKEKO TALDEKAKO EUSKAL LIGA.

(2014ko urtarrilaren 11tik martxoaren 8ra).

 

 

 

OHOREZKO MAILA.

 

 

 

         SESTAORI ZAILA JARRI ZAIO LIGA ETA BOST TALDE DAUDE JAISTEKO ARRISKUAN.

 

            Argitu da zein emaitza behar duen Sestaok azkeneko txandan Grosen aurka.

 

            Bilboko Alondegian, arratsaldeko hiruretatik aurrera jokatuko den norgehiagokan 3-1eko aldeko emaitza lortu behar du oraingo txapeldunak. Neurketa guztiak toki berean jokatuko dira azkeneko txandan.

 

            Donibane Kirol Elkartea eta Grosen lan ona izan dira behar horren erantzuleak. Iruñekoek puntu bat kendu zioten Sestaori Nafarroako hiriburuan. Donostiarrek 4-0 irabazi zioten Batallari. Ez zen hain erraza emaitza hori erdiestea, baina erdietsi zuten. Puntu eta erdiko abantailaz hasiko dute azkeneko txanda.

 

            Zortzigarren txandako beste albistea Bilbon gertatu zen. Arrasate/Arlutz Ligako ustekabea zen eta ez zen espero itsas zeharkaldi onaren ondoren hondartzako ertzean hondoratzea, baina halaxe gertatu zen: 3’5-0’5 galdu zuen Zuri Baltzaren aurka. Bete-betean sartu da jaitsiera saihesteko borrokan.

 

            Bitartean, Orvina Ak 1-3 irabazi zion Easori. Hala ere, emaitza hori ez da nahikoa izan etorkizuna ziurtatzeko.

 

            Bilbon ere lehia interesgarria jokatu zen. San Viatorrek 1’5-2’5 irabazi zion Conteneori. Emaitza horrekin ez da salbatu San Viator, baina azken orduan estuasunetan jarri du Conteneo.

 

            Azkeneko txanda ezin interesgarriagoa aurkezten zaigu. Titulua bi oilarren artean erabakiko da zuzenean. Jaitsiera zehazteko balio izanen dute gainontzeko lau lehiek.

 

            Conteneo – Zuri Baltza lehiatik atera daiteke jaitsiko den taldea, baina Orvina A, San Viator eta Arrasate/Arlutz taldeek ezin dute hutsik egin. Donibane Kirol Elkarteak eta Batallak ustekabeko bukaera eragin dezakete (Orvina eta San Viatorren arerioak dira, hurrenez hurren). Arrasate/Arlutzek, teorian, errazagoa dauka Easoren aurka. Larunbatean hondoratua izan bazen ere, ez dago itota oraindik.

           

            2014-03-01.

 

                Iturria: Euskal Xake Federakuntza.