harpidedunen guneko logoa

 

2017-12-24 – 2.580. zenbakia.


Tablero zuri-beltza heziketan bidelagun

Gero eta gehiago dira xakea tresna hezitzaile gisa erabiltzen duten ikastetxeak, eta curriculumean ere txertatu dute hainbat lurraldetan. Ikasleek memoria, sormena eta lankidetza jorratzeko aproposa da, besteak beste. Tolosako Herrikide ikastetxera gerturatu gara, xakearen onurak ezagutzeko asmoz.

MIREN OSA GALDONA @Mirentx_U

2017ko abenduaren 24a


Katalunia da xakea hezkuntza sisteman barneratzen aitzindari (bost urte darama xakeak ikasgai moduan) eta Nafarroak gauza beraegin berri du: datorren ikasturtetik aurrera, hautazko ikasgaia izango da Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan. Ikasleei jokoa irakasteabaino gehiago, helburua da “ohiturak, prozesu kognitiboak eta gaitasunak garatzen laguntzeko tresna bat eskuragarri jartzea”. Eta asmo horrekin ekindiote Herrikiden. 3, 4 eta 5 urteko ikasleekin hasi dira, emaitza “oso positiboekin”, eta pixkanaka maila guztietan ezarri nahi dute. Bost urte darama xakeak ikasgai moduan
Argazkia: Dani Blanco

Dantza, errespetua, adimen anitzak…

Gurutze Telleria eta Aintzane Leunda irakasleak hasi dira xakea lantzen: formazioa jaso zuten, materialak sortu zituzten eta praktikan jartzen joan dira. Formazioa hasi eta segituan izan zuten lehenengo ezustekoa: ez da beharrezkoa jokatzen jakitea, tresna pedagogiko moduan erabiltzeko. Xakea abiapuntu hartuta egin daitezkeen ariketak zein anitzak eta ederrak diren ere berehala jabetu ziren. Zer du, bada, xakeak, erreferentziazko tresna hezitzailea izateko? Pello Agirrezabal HH eta LHko zuzendariak argi du: “Elkartasuna, errespetua eta adimen anitzak erabat lantzen ditu. Ikaslea kolektiboan baino, pertsona indibidual bezala garatzeko aukera ere ematen du”. Haurrek txikitatik jolas moduan hartzen dute xakea eta tableroan mugimendu bertikalak, horizontalak eta dantzak egiten dituzte: “Ikasleen sormena sustatu behar dugu eta horretarako adimen espaziala funtsezkoa da. Tableroak asko laguntzen du horretan”, dio zuzendariak.

Balioez ere mintzo da; esaterako, errespetua: “Bestearen txandak errespetatu behar dituzu nahi eta nahi ez, eta denbora jakin batez besteari utzi behar diozu jokoaren aginte makila”. Erabakiak hartzeko gaitasuna barneratzeko ere lagungarria da: fitxak nola mugitu norberaren erabakiaren baitan dago eta ondorioak norberak pairatu behar ditu. “Une batean hainbat aukera izan ditzakezu, baina bakarra aukeratu behar duzu. Bizitzako edozein arlotarako balio dezake horrek”. Beste balio bat, elkartasuna: “Ariketa batzuk binaka egitekoak dira eta momentu batean munduak buelta emango balu bezala, batak bestearen rola hartu behar du. Momentu horretatik aurrera bakoitzak bestearen piezekin egin behar du aurre”. Edo partidak taldean ere jokatu daitezke, lankidetza eta talde lana indartuz: esaterako, batek aurkariari jaten dion fitxa bakoitza, bere taldean jokatzen duen ikaskidearentzat izango bada, oso kontuan izan beharko du zein den jan behar duen fitxa, zein den bere taldekideari gehien komeni zaiona.

Ikasgai guztietan baliagarri

Pasillo erdian marraztuta duten xake taula erraldoian aritzen dira ikasleak xakeaz gozatzen: sekulako piezak eta material berezia dituzte, eta adin ezberdinetara egokitutako ariketak landu ditzakete. Gainera, musika, matematika edota historian bidelagun izan daiteke xakea. Esaterako, historiako klaseetan amu gehigarri bilakatu daiteke xakea, jokoan 1.500 urteko historia duelako eta paraleloki konta daitezkeelako xakearen eta historia garaikidearen pasarteak. Agirrezabalek adibidez, matematiketan erabili du: “Ikasleen arreta pizteko egin nuen, gai berri bat eman behar genuen eta lehen unetik haien inplikazioa lortu nahi nuen. Jolasaren bidez bidea ireki eta horretan laguntzen du xakeak; hortik abiatuta, irakaslearen ardura da bidea egitea”.

 

EAEko hezkuntza curriculumean sartzerik izango al luke xakeak? Borondate politikoa badagoela uste du Agirrezabalek, baina lantaldeen egonkortasun falta dela arazoa: “Ikastetxe batzuetan, hainbat proiektu oso lotuta daude irakasle jakinei, eta gaur egun, irakasleek asko aldatzen dute ikastetxez”. Proiektu horiek, tartean Herrikiden martxan jarri duten xake hezitzaileak, arrakasta izan dezaten, gurasoak ere gakoa dira, Telleria eta Agirrezabalen hitzetan: “Ikastetxean ikasitakoak etxean izaten du jarraipena eta oso garrantzitsua da proiektuen berri ematea familiei. Garrantzitsua gutxienez zure seme-alabak zertan dabiltzan jakitea. Eskola programa familiek ondo ezagutzea oinarrizkoa da”.

Helburua da ohiturak, prozesu kognitiboak eta gaitasunak garatzen laguntzeko tresna bat eskuragarri jartzea. Herrikiden 3, 4 eta 5 urteko ikasleekin hasi dira, eta pixkanaka maila guztietan ezarri nahi dute

Taldean ere jokatu daiteke, lankidetza indartzeko: ikasleak aurkariari jaten dion fitxa bakoitza, bere taldean jokatzen duen ikaskidearentzat izango bada, oso kontuan izan beharko du zein den jan behar duen fitxa

https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/tablero-zuri-beltza-heziketan-bidelagun