berria.info

 

Asteazkena, 2020ko martxoak 11a.

 

Carlsenen aurkariaren bila

 

Hautagaien Torneoak munduko xake jokalari onenetakoak bilduko ditu. Koronabirusak eta Kirill Alekseenkori egindako gonbidapenak zeresana eman dute txapelketa hasi aurretik.

 

 

Fabiano Caruana —ezkerrean— Magnus Carlsenekin —eskuinean— lehian, iaz, Norvegian. BERIT ROALD / EFE

 

Josu Tornay

 

Igandetik apirilaren 4ra bitarte jokatuko da 2020ko hautagaien torneoa, Iekaterinburgen (Errusia). Azken urteetako lehia handikoenetako bat izango da, eta zaila da faborito argirik aurreikustea. Edonork irabaz dezake, eta urte bukaeran Magnus Carlsenen kontra munduko koroagatik lehiatu. Hala ere, zailtasun eta polemika batzuk izan dira hasi aurretik.

Alde batetik, koronabirusaren eragina egon da. Errusiak, Txinarekiko mugak itxi eta hango herritarrei sarrera debekatu ondoren, Ding Liren eta Wang Hao maisu handien parte hartzea arriskuan egon zen. Hala eta guztiz ere, bi jokalariek Errusiaren baimen berezia lortu zuten txapelketan egoteko, eta, hala, lehen oztopo serioa gainditu zen. Edonola ere, koronabirusak eragin egin die bi jokalariei. Txinan indarrean zeuden neurrien ondorioz, bertan behera utzi behar izan zituzten torneoa prestatzeko aurreikusiak zituzten entrenamenduak. Ding Liren Txinan zegoen, eta etxetik entrenatu behar izan zuen; Wang Hao, berriz, Txinatik kanpo zegoen, eta ezin izan zuen etxera bueltatu torneoaren aurretik. Gainera, Errusiara askoz lehenago bidaiatzea eskatu zieten. Martxoaren 2tik Moskutik gertu dagoen etxe bakartu baten daude, berrogeialdian. Hala egongo dira torneoa hasi arte.

Bestalde, martxoaren 6an, Teimour Radjabovek iragarri zuen torneotik erretiratuko zela. FIDEk (Munduko Xake Federazioa) arrazoi pertsonalak argudiatu zituen. Radjabovek, ordea, adierazi zuen ez zegoela ados FIDEk emandako azalpenekin. Baina zergatia ez zuen eman; FIDEri torneoa atzeratzeko eskatu ziola baino ez zuen azaldu. Baina xake munduan aipatzen da arrazoiak eta desadostasunak koronabirusarekin lotuta daudela.

Nolanahi ere, parte hartzaileen maila ikaragarria da: Fabiano Caruana estatubatuarra; Ding Liren eta Wang Hao txinatarrak; Alexander Grischuk, Kirill Alekseenko eta Ian Nepomniachtchi errusiarrak; Anish Giri herbeheretarra; eta Maxime Vachier-Lagrave frantziarra. Radjabov ordezko moduan sailkatu da Vachier-Lagrave.

Sailkatzeko eta ordezkatzeko irizpideak oso argi zeuden kasu guztietan, batean salbu: Alekseenkorenean. Zazpi jokalarik beste torneo batzuetatik edo rakingagatik sailkatu behar zuten. Norbait erretiratuz gero, ordezkoa rankigaren arabera aukeratuko zen, eta hori zen Vachier-Lagraveren kasua. Baina antolakuntzak eskubidea zuen zortzigarren jokalaria gonbidapen bidez aukeratzeko, irizpide jakin batzuk betetzen zituzten jokalarien artean. Errusiako Federazioak argi esan zuen bertako jokalari bat aukeratuko zuela, eta Alekseenko gonbidatu zuen. Horrek areagotu egin zituen baldintzak betetzen zituzten beste jokalarien kexak. Alekseenkok berak esan zuen gonbidapenen kontu hori bertan behera utzi behar zutela etorkizunean.

Caruana faborito

Martxoko sailkapena erreferentziatzat hartuta, irabazteko faborito nagusia Fabiano Caruana da (2.842 elo puntu). Estatubatuarra eskarmentu handiko jokalaria da, eta, 27 urterekin, bere kirol ibilbideko heldutasun puntura ailegatzen ari da. Ding Lirenek Caruanaren adin bera dauka, baina elo aldetik urrun dago, 2.805 baititu. Baina askotan erakutsi du edozeinekin lehiatzeko moduan dagoela. Txinak, duela urte asko, apustu handia egin zuen xakearen alde, eta emakumezkoen eta taldekako torneoetan dagoeneko erakutsi du gailurrean dagoela. Banakako Munduko Txapelketa horren puntu gorena izango litzateke, eta Lirengan itxaropen handia dute.

Hirugarren faboritoa Alexander Grischuk da (2.777 elo puntu). Errusiarrak gorabehera asko izan ditu, eta, 36 urterekin, azken aukera bat izan dezake Munduko Txapelketagatik lehiatzeko. Elo aldetik, atzetik datozen beste jokalariak oso berdinduta daude: Nepomniachtchi (2.774 eta 29 urte), Vachier-Lagrave (2.767 eta 29 urte), Giri (2.763 eta 25 urte), Wang Hao (2.762 eta 30 urte) eta Alekseenko (2.698 eta 22 urte).

 

https://www.berria.eus/paperekoa/1994/028/001/2020-03-11/carlsenen-aurkariaren-bila.htm