Larunbata, 2021eko urriak 16a.

 

Mikel Huergak xakeko Maisu Handi titulua eskuratu berri du. Eskura zuen 19 urte zituela, baina hamabi urtez egon da hura ziurtatu ezinik. Harekin itsutu ez denean lortu du. Beste hiru euskal jokalarik baino ez dute.

 

Bidea, luzea bezain aberasgarria

 

 

Mikel Huerga xake jokalari iruindarra, txapelketa batean. BERRIA

 

Josu Tornay

 

Lorpen handia egin berri du Mikel Huergak (Iruñea, 1989): xakeko Maisu Handi titulua lortu du; hau da, xakearen mailarik gorenean dagoela egiaztatzen duen titulua. Hiru torneotan normak —maisu handiko errendimenduak— gehitu behar dira, eta 2.500eko elo puntu muga gainditu. Zaila da lortzen, eta zailtasun horren erakusle da Huergaren aurretik bakarrik Euskal Herriko hiru xake jokalarik lortu zutela: Txelu Fernandez bilbotarrak, 1986an; Felix Izeta zestoarrak, 1994an; eta Mario Gomez portugaletetarrak, 2004an. Hirurak lehia ofizialetatik erretiratuta daude, nahiz eta noizean behin Gomezek eta Fernandezek taldeka partidaren bat jokatzen duten. Izeta, berriz, Euskadiko eta Eskoziako selekzioen artekoan aritu zen 2014an. Baina, salbuespen horiek kenduta, esan daiteke azkeneko hamarkadan ez dela egon Euskal Herriko Maisu Handirik lehiaketa ofizialetan.

 

Huergak zuzendu du egoera hori. Aitortu duenez, ez du uste epe laburrean besteren bat azalduko denik: «Zail ikusten dut datozen urteotan Euskal Herrian Maisu Handi gehiago azaltzea, behar den ardura kontuan hartuta. Hautagai argiena Javier Habans nafarra da. 13 urte besterik ez du. Beraz, denbora apur bat beharko du».

 

Huergak 2006an lortu zuen Nazioarteko Xake Federazioaren (FIDE) Maisuko titulua, 16 urterekin. Bi urte eskas behar izan zituen bere kirol ibilbidean beste urrats bat egiteko: Nazioarteko Maisu titulua lortu zuen. Hori ikusita, pentsa zitekeen aurki eta oso gazte izanda izango zela Maisu Handiarena. 2009an, behar zituen hiru normak lortu zituen, eta 2.465 elorekin, ia patrikan zuen titulua. Baina hortxe geratu zen, atarian, eta sartu ezinik: «Garai hartan nik benetan uste nuen ia eginda zegoela. Maisu Handiko joko maila neukala uste nuen. Orain, denborarekin ikusita, konturatu naiz seguruenik ez nuela behar zen maila».

 

Haren arrakasta goiztiarraren ostean, ibilbide malkartsu bati ekin zion. Azkenean, hamabi urte behar izan ditu garai hartan hain gertu ikusi zuen titulua lortzeko: «Behar nuen baino bi norma gehiago lortu nituen, 2015ean eta 2018an, baina ez nintzen heldu 2.500era. Ia matematikoa zen: torneo batean edo bitan lan ona egin eta eloa igotzen nuen, baina jarraian torneo txar bat egiten nuen, eta aurreko lan guztia alferrikakoa bilakatzen zen».

 

Urte horietan askotan urrundu zen haren helburutik: 2.415 elora jaitsi zen sasoirik okerrenean: «Askotan uste izan nuen sekula ez nuela lortuko. Hamabi urte hauetan garai txar asko izan ditut, benetan baxuak. Hain zuzen ere, duela bi urte benetan pentsatu nuen ez nintzela sekula iritsiko Maisu Handia izatera».

 

Baina garai baxu horretan berriro serio lanean jarri zen: buru-belarri. 2019an, torneo oso ona egin zuen Zaragozan (Espainia), eta 2.470ekin, itxaropena berreskuratu zuen. Horren ostean, bolada egokia kateatu zuen, eta, azkenik, aurtengo Getxoko Sustapen Torneo Itxian 2.500eko muga gainditu zuen. Azkenean, Maisu Handia zen: «Nire sentsazioa da gutxien espero edo ia ezinezkotzat jotzen nuenean jaitsi zela presioa. Hori izan da gakoa titulua lortzeko. 19 urterekin, bakarrik arrakasta ezagutzen nuen, baina benetan arrakastatsua izateko porrota askotan ezagutu behar da. Hori falta zitzaidan jokalari hobeagoa izateko. Urte hauetan galtzea hobeto eramaten eta akatsekin bizitzen ikasi dut. Tituluarekin itsututa egoteak ez zidan laguntzen».

 

Txarrari ona aterata

 

31 urterekin lortu du titulua, berak espero eta nahi baino «askoz beranduago». Baina alde ona atera dio ere: «19 urterekin helburua hain gertu izan ondoren, azkenean hori lortzeko hamabi urtez borrokatzen aritu beharrak pertsona gisa gogortu eta sendotu nau. Arrakasta eta porrota eramaten irakatsi dit. Oso aberasgarria izan da bidea. Ezin dut nire bizitza bide hau barik imajinatu».

 

Lehia ez da Huergaren jardun nagusia. Haren bokazioa eta ogibidea irakaskuntza da. Zenbait jokalariren entrenatzailea da, gehienak Iruñeko Donibane Kirol Elkarteko gazteak. Argi du tituluak ez diola bizitza asko aldatuko, baina seguruenik «jokalari sendoagoak entrenatzeko eta torneo garrantzitsuetarako gonbidapena lortzeko aukera» emango dio: «Lehiari dagokionez, helburu garrantzitsuenak dagoeneko lortu ditut: Maisu Handiko titulua dut; askotan izan naiz Nafarroako txapelduna, eta bitan Euskal Herrikoa. Behin titulua lortuta eta presioa kenduta, ea hobeto joka dezakedan. 2.550era heltzen ahaleginduko naiz».

 

«Argi-ilunak» ikusten ditu Euskal Herriko xakean: «Euskal xakean beti egon da zaletasun handia, batez ere helduen artean. Azken urteotan harrobiari gehiago laguntzen saiatu da, eta The Queen's Gambit Netflixeko serieak xakea gizartean ezagutarazi du. Garai aproposa da gure kirolerako, baina EAEn dagoen kirol legeak ez du batere laguntzen. Umeak 12 urte bete arte ezin dira federatu. Hori ez da Nafarroan edo nik ezagutzen dudan beste inongo tokitan gertatzen. Horren ondorioz, EAEko gazte askok lehiatzen hasi aurretik uzten dute, eta bakarrik zaletasun handia daukatenek egiten dute aurrera».

 

“Helburua hain gertu izan ostean, azkenean hamabi urtez borrokatzen aritu beharrak pertsona gisa sendotu nau”

 

“Garai aproposa da, baina EAEko kirol legeak ez du batere laguntzen. Umeak ezin dira federatu 12 urte bete arte”

 

Mikel Huerga

Xakeko Maisu Handia

 

https://www.berria.eus/paperekoa/1901/020/001/2021-10-16/bidea-luzea-bezain-aberasgarria.htm?fbclid=IwAR2TLxGHGRMNqdDc435aGPwWYSZc0umPTkxh8dxDid-ZNETFUsz32BMMJdw