Larunbata, 2022ko ekainak 18a.
Alireza Firouzja xake jokalaria, duela egun batzuk, Madrilen. ERIC ROSEN / EFE
Firouzja, belaunaldi aldaketaren ikur
Xakeko Hautagaien Torneoa
uztailaren 4ra
bitarte jokatuko da. Garaileak Munduko Txapelketako finala jokatuko
du datorren
urtean.
Josu Tornay
«Firouzjak Hautagaien Torneoa irabazten ez badu,
ziurrenik ez
dut jokatuko hurrengo munduko txapelketa». Magnus Carlsenen hitzak
dira, egungo
munduko xake txapeldunarenak. Iazko abenduan esan zituen, bosgarrenez
Munduko
Txapelketa irabazi berritan. Alireza Firouzja nahi du aurrean.
Baina aurrez aurreko hori ikustea ez da soilik
egungo munduko
txapeldunaren itxaropena: xakezale gehienena ere bada. Hala eta guztiz
ere,
Firouzja ez da faborito nagusia Hautagaien Torneoa irabazteko.
Txapelketa
uztailaren 4ra bitarte ari da jokatzen, Madrilen, eta, eloei
erreparatuz, Ding
Liren da faboritoa, 2.806 baititu. Baina zortzi sailkatuen arteko elo
aldea
txikia da. Jan-Krzysztof Dudak ditu gutxien: 2.750. Hura eta Lirenen
artean,
beraz, soilik 56 elo daude. Tarte horretan daude Firouzja (2.793),
Fabiano
Caruana (2.783), Ian Nepomniachtchi (2.766), Richard Rapport (2.764),
Hikaru
Nakamura (2.760) eta Teimour Radjabov (2.753).
Firouzja XXI. mendean jaiotako jokalari bakarra da
torneoan.
Gaur beteko ditu 19 urte. Esperientzia faltak kalte egin diezaioke,
baina
emaitzak eta azken urteotan erakutsitakoa haren alde daude. Belaunaldi
berria
ordezkatzen du, eta, puntako gaitasun teknikoaz gain, posizio
desorekatuekin
espekulatzea normala da harentzat.
Baina Caruanak, Lirenek, Nepomniachtchik, Radjabovek
eta
Nakamurak urteak daramatzate halako txapelketak jokatzen. 30 urte
inguruan edo
hortik gora dituzte, eta hori da, hain zuzen, xake jokalari baten
adinik onena.
Gainera, Munduko Txapelketa final bat jokatzeko azken aukera izan izan
dezakete. Dudak (24 urte) eta Rapportek (26 urte) oso joko taktikoa
eta aktiboa
daukate; Rapport, gainera, batzuetan oso eklektikoa da, eta
ezustekoren bat
eman dezakete.
Lirenek du elo gehien, baina ez dago argi nolako
sasoian
helduko den. Berez ez zegoen sailkatuta, eta Sergei Kajarkinen ordez
aritzeko
deitu zioten. Abendutik partida ofizialik jokatu gabe zegoen.
Maiatzean,
korrika eta presaka, txapelketa jokatzeko behar zen gutxienekora
iristeko
partidak jokatu behar izan zituen.
Sergei Kajarkinen kasua
Lehiatik harago, ikusmina eragin du Kajarkinen
kasuak. 2009.
urtera arte Ukrainarekin jokatu zuen. Baina, orduan, bere burua
errusiartzat
zeukala argudiatuta, Errusiako nazionalitatea aukeratu zuen. 2014an,
Krimeako
inbasioa txalotu zuen, eta aurtengo otsailean, Ukrainakoa.
Nazioarteko Xake Federazioak sei hilabeteko zigorra
jarri
zion, federazioaren zerrendako torneoetan parte hartu gabe. Hori
dela-eta ez da
Madrilen izango, nahiz eta irabazteko faborito zen.
Beste neurri batzuk ere hartu ditu federazioak.
Adibidez,
uztailean Moskun egitekoak ziren xake olinpiadak bertan behera utzi
dituzte,
eta Chennain (India) jokatuko dira. Badaki mundu osoa begira dagoela.
Arkadi
Dvorkovitx federazioko egungo presidentea Putinen eta Medvedeven
gobernuetan
egon zen, eta Moskun bizi da. Martxoan gerra gaitzetsi zuen, baina
haren
neutraltasuna eutsiezina bihur liteke.
Eloei erreparatuz, Ding Lirenek
izan beharko luke faborito, baina oso alde txikia dago jokalarien
artean
https://www.berria.eus/paperekoa/2068/020/002/2022-06-18/firouzja-belaunaldi-aldaketaren-ikur.htm