Osteguna, 2022ko uztailak 7a.

 

 

Magnus Carlsen eta Ian Nepomniachtchi aurrez aurre abenduan jokatutako finalean. LESZEK SZIMANSKI / EFE

 

Nepomniachtchik nagusitasunez irabazi du Hautagaien Torneoa. Baina, oraingoz, Carlsenek ez du argitu Munduko Txapelketako finala jokatuko duen. Formatuan aldaketak eskatu ditu.

 

Oraingoz, kolokan dago finala

 

Josu Tornay

 

Iazko abenduan, Xakeko Munduko Txapelketa bosgarren aldiz jarraian irabazi eta gero, hurrengo finala jokatzea «zaila» izango zela esan zuen Magnus Carlsen txapeldunak. «Nahiz eta irabazi, gauza negatiboek positiboek baino pisu handiagoa daukate». Bi urtean behin sei hilabetez pertsona bakar baten aurka jokatzeko prestatzeak nekea eragiten du, eta ekonomikoki ere aukera hobeak izango zituen. Hala eta guztiz ere, Hautagaien Torneoa Alireza Firouzjak irabaziz gero, Carlsen prest agertu zen jokatzeko. Belaunaldi berriaren ikurra aurrean izateak motibatu egiten zuen Carlsen. Hautagaien Torneoa, ordea, amaitu berri da, eta Firouzjak ez zuen halako torneo batean behar den maila erakutsi. Berriro ere Ian Nepomniachtchik Nepo-k irabazi zuen. Horrenbestez, Munduko Txapelketako finala airean dago.

 

Hautagaien Torneoaren inguruan azterketa hau egin du Alejandro Franco nazioarteko maisuak. «Nepo borrokalari hutsa da, baina ez nuen espero hain fin jokatzea. Bestalde, Firouzja gorago ibiliko zela espero nuen, baina argi dago asko falta zaiola». Horren arrazoiak azaldu ditu Francok. «Carlsenen aurkako norgehiagokaren ostean, Nepok lan handia egin zuen, eta hau da emaitza. Irekitzeetako prestakuntza eta jokaldien kalitatea ia akatsik gabekoak izan dira. Bestalde, Firouzjak talentu handia dauka, baina baita esperientzia falta ere». Adibidez, Neporen kontra jokatu aurretik, Interneten partida bizkorrak jokatzen pasatu zuen gaua. Francok ez du egoki ikusten: «Onartezina da horrelako torneo batean».

 

Nepok 9,5 punturekin lortu zuen lehen postua, partida bat ere galdu barik. Bestalde, Firouzjak 6 puntu egin zituen. Azken txandan zoria alde izan zuen, Fabiano Caruanari irabaztekoa. Horrela, azken bi postuetatik aldendu zen, eta seigarren geratu zen.

 

Torneoa aprobetxatuz, Carlsen Madrilen izan da bere enpresa bateko sustapen lanak egiten, eta Arkadi Dvorkovitx FIDE Xakeko Nazioarteko Federazioko presidentearekin batzartu zen. Jakin denez, finala jokatzeko Munduko Txapelketako formatuan aldaketak proposatu zizkion. Antza, finalaren iraupena mugatzearen eta partida bizkorrek tokia izatearen aldekoa da. Francoren ustez, joko psikologikoaren parte izan daiteke. «Nire iritziz, jokatuko du. Abantaila psikologikoa lortzeko asmoz, nolabait, mezu bat bidali nahi izan dio aurkariari: ez duela bere kontra jokatzea merezi».

 

Ez da lehen aldia

 

1972an antzerako zerbait gertatu zen. Bobby Fischerrek askotariko eskakizunak egin zituen Boris Spaskiren kontra jokatzeko: dirua, torneoko formatua eta ordutegia, publikoarekiko distantzia, telebistako kameren kokapena, eta abar. Azkenean, Spaskiren borondate onari esker jokatu zen finala, eta Munduko Txapelketa Fischerrek irabazi zuen.

 

1975ean ere egin zituen eskakizunak. Larregizkoak izan ziren, eta FIDEk azkenean ez zuen amore eman. Fischer ez zen aurkeztu, eta Anatoli Karpov hautagaiak jokatu barik jantzi zuen txapela. 1993an, Gari Kasparovek, munduko txapelduna izanda, PCA Xakelari Profesionalen Elkartea sortu zuen, eta Munduko Txapelketa paralelo bat antolatu zuen. XXI. mendeko hasiera arte, bi Munduko txapeldun izan zituen xakeak: FIDEkoa eta PCAkoa, alegia, Gari Kasparov.

 

Beraz, oraingo Hautagaien Torneoan bigarren geratzeak garrantzi handiagoa izan du. Carlsenek jokatuko ez balu, bi aukera egongo lirateke. Lehena, Hautagaien Tornea irabazi duen jokalariari txapela ematea —esan bezala, 1975ean hala egin zuten— edo torneoko lehen bi sailkatuen arteko norgehiagoka antolatzea. Jokalariak jakitun ziren horretaz, eta azken txandako Ding Liren eta Hikaru Nakamuraren arteko partida erabakigarria izan zen. Lirenek ziurtasunez jokatu zuen, batez ere joko taktikoan, eta bigarren postua ziurtatu zuen. Agian, horrek Munduko Txapelketa jokatzeko aukera emango dio.

 

Finalaren iraupena mugatzearen eta partida bizkorrek tokia izatearen aldekoa da Carlsen

 

https://www.berria.eus/paperekoa/2125/020/001/2022-07-07/oraingoz-kolokan-dago-finala.htm