Ostirala, 2022ko uztailak 29a.
Magnus Carlsenek xakeko munduko
txapeldun titulua defendatzeari uko egin izanak nazioarteko
federazioa ahuldu
du. Badira horri etekina atera diezaioketenak.
Magnus Carlsenek uko egin dio Munduko Xake
Txapelketa
jokatzeari. Irudian, taulari begira. OLAF KRAAK / EFE
Josu Tornay
Xakeak bi munduko txapeldun izango ditu 2023an.
Batetik, Ding
Liren-Ian Nepomniachtchi norgehiagokatik ateratzen dena, ofiziala;
eta,
bestetik, Magnus Carlsen. Norvegiarrak uko egin dio Munduko Txapelketa
jokatzeari, ez dago horretarako motibatuta. Baina zale eta aditu
gehienentzat
hura da jokalaririk onena. Xakean hori da tradizioa: munduko
jokalaririk onenak
txapelduna izan behar du. Gainontzean, norgehiagoka bat antolatu behar
da, eta
gauzak konpondu. Hori jakinda, argi dago txapelketa ofiziala bukatu
bezain
pronto Carlsen-Nepomniachtchi edo Carlsen-Liren norgehiagoka antolatu
nahiko
dutenak azalduko direla.
Kalkuluen arabera, munduan 600 milioi pertsonak
jokatzen dute
maiztasunez xakean. Horietatik 350.000 baino gehiago federatuta daude,
eta
lehia ofizialetan hartzen dute parte. 190 herrialde dira FIDEko
(Xakeko
Nazioarteko Federazioa) kide. Soilik futbol, saskibaloi eta atletismo
federazioak daude aurretik. Xakeak duen indarraz jabetzeko, Dubain
jokatutako
azken Munduko Txapelketako datuei erreparatzea besterik ez dago.
Besteak beste,
12,6 milioi streaming ordu ikusi ziren, eta aldi
berean
600.000 jarraitzaile baino gehiago izan zituen une konkretuetan.
Munduko
Txapelketak diru asko mugitzen du. Hori dela eta, 2023ko finalaren
ostean,
FIDEtik kanpoko hainbat korporazio eta erakundek Carlsen eta Nepo edo
Liren
tentatuko dituzte, haien arteko buruz buruko bat antolatzeko. FIDEk
ezin izango
du ezer egin horren aurrean. Gakoa jokalarientzat nahikoa diru jartzea
izango
da, eta formatua Carlsenen gustukoa izatea. Nazioarteko federazioak
etorkizuneko Munduko Txapelketen kontrola galtzea dago jokoan.
Txapeldunaren garrantzia
Titulua izateak garrantzi handia izan du beti
jokalarientzat.
Ez bakarrik prestigio aldetik, baita ekonomikoki ere. Munduko
txapeldunek ahal
izan duten guztia egin dute tituluari eusteko. FIDE sortu aurretik,
merezimenduak pilatuz gero, jokalari batek txapelduna desafiatzeko
aukera
zeukan. Txapelduna desafioa onartzera behartuta zegoen neurri batean,
baina
baldintzak ipini ahal zituen. Hori dela eta, egoera bidegabeak gertatu
ziren.
Emmanuel Laskerek, adibidez, uko egin zion hainbat hautagai
arriskutsuren aurka
jokatzeari. Haatik, beste batzuen aurka jokatzea onartu zuen. 27 urtez
eutsi
zion tituluari. Alexander Alekhinek uko egin zion hainbat aldiz Jose
Raul
Capablancaren aurkako kitarakoa jokatzeari, eta hil arte izan zen
txapeldun.
Ez zen soilik estatus kontua. Munduko txapelduna
izateak ate
asko zabaltzen zizkien jokalariei. FIDErekin hori aldatu egin zen, eta
Munduko
Txapelketa arautu egin zuten.
Carlsenen aurretik soilik bi jokalarik egin zioten
uko
titulua defendatzeari. Oso kasu desberdinak izan ziren. Lehena Bobby
Fischerrena izan zen. Estatubatuarrak Munduko Txapelketa irabazi zuen
1972an,
baina, nahiz eta munduko —eta agian historiako— onena izan, galtzeko
beldur
patologikoa garatu zuen, eta 1975ean ez zuen Anatoli Karpoven aurka
titulua
defendatu. Betetzeko ia ezinezkoak ziren eskariak egin zituen
jokatzeko, eta
FIDEren ezezkoa aitzakia perfektua izan zen. Fischer mito bihurtu zen
xakeko
belaunaldi oso batentzat, eta askok benetako txapelduntzat jo zuten
denbora
luzez.
1993koa da Kasparoven kasua. Desberdina izan zen.
Errusiarrak
Nigel Shorten kontra jokatu behar zuen finala, baina biek FIDE salatu
zuten,
eta euren final propioa antolatu zuten. Horretarako, PCA Xake
Profesionaleko
Elkartea sortu zuten. FIDEk bere txapeldunak izan zituen, eta PCAk,
bereak.
Hala eta guztiz ere, xake munduarentzat Kasparov zen munduko
txapelduna. 2000.
urtean Kasparovek galdu egin zuen Vladimir Kramniken kontra, eta
banaketa hori
amaitzeko pausoak eman ziren. 2006an Kramnik txapeldun bateratua izan
zen.
Carlsenen kasua bestelakoa da. Norvegiarrak ez du
xakea
utziko, eta ez du elkarte edo munduko txapelketa paralelo bat sortuko
ere. Baina
torneoak jokatzen eta irabazten jarrai dezake munduko txapeldun izan
gabe. Hori
ez da jasangarria xakearentzat, eta egoerari etekina ateratzeko nahian
dabiltzanek, ziurrenik, apustua areagotuko dute.
https://www.berria.eus/paperekoa/1994/023/001/2022-07-29/haustura-arriskua-xakean.htm