Asteazkena, 2022ko urriak 5a.
Magnus Carlsenek tranpetan
aritzea egotzi dio Hans Niemanni. Frogarik gabe egin du. Ez da
xakean halako zerbait gertatzen den lehen aldia, baina harrabotsa
sortu du.
Iruzurraren
susmopean
Hans Niemann xake jokalaria –irudian- susmopean
jarri du Magnus Carlsenek. Iruzur egitea egotzi dio. LENNART OOTES
Josu Tornay
Kirolean dopin kimikoa ez da bide bakarra iruzur
eginez abantaila lortzeko. Igeltsuz betetako eskularruak erabiltzea
boxeoan, bate manipulatuekin aritzea beisbolean... Adibideak asko
dira. 1980ko Bostongo maratoian, Rosie Ruizek metroa hartuta irabazi
zuen. Lance Amstrong txirrindulariak ustez motorra zuen bizikleta
erabili izana ere iruzur teknologikoaren salaketen beste adibide bat
da. Xakean ere eman dute zeresana halakoek azken urteetan. Berriki
Magnus Carlsenek hori egitea leporatu dio Hans Niemanni. Gertatutakoak
harrabotsa sortu du xake munduan.
1997an, Gari Kasparovek Deep Blue ordenagailuaren
kontra galdu zuen. Ordutik, xakean jokatzeko programek jokaldia
kalkulatzeko duten indarrak gizakiaren sormena eta logika gaindituz
joan dira sistematikoki. Telefono adimendunak iritsi ziren ondoren,
eta, horiei lotuta, xakeari buruzko aplikazioak. 2010eko hamarkadarako
edozein jokalarik aukera zuen komunera joan eta ezkutuan gomendioak
jasotzeko. Manuel Navarro FIDEko nazioarteko epailea horren inguruan
mintzatu da: «Xakean iruzur egitea ez da berria, baina telefono
adimendunekin epaileak egokituz joan behar izan dugu. Joko geletan
telefonoak debekatuta daude. Hori betetzen dela ziurtatzeko, kasu
batzuetan metalak detektatzeko makinak erabiltzen dira». Beste neurri
batzuk ere hartu dituzte: «Interneteko emankizunak atzeratzeko aukera
dago, kanpoan daudenek jokaldiak atzerapenarekin ikus ditzaten. Hala,
ezin diete barrukoei lagundu. Komunak ere miatzen dituzte, ezkutuko
telefonoren bat dagoen ikusteko. Gainera, zaindu egiten dugu
jokalariak zenbat aldiz joaten diren komunera».
2010ean hasi zen dena, Khanty-Mansiskeko (Errusia)
Xakeko Olinpiar Jokoetan. Sebastien Feller maisu handia tranpetan
harrapatu zuten. Haren lagun bat etxean zegoen, Internet bidez
emankizuna ikusten. Ordenagailuarekin jokaldirik onena erabaki, eta
SMS bidez taldeko ordezkariari bidaltzen zion informazioa. Kode bat
zuten: ordezkaria joko gelan lekuz aldatzea Fellerrek taula gainean
jokaldia egiteko. 2015ean, Dubaiko Irekian, Gaioz Nigalidze maisu
handia harrapatu zuten. Komunera maiz joaten zenez, haren aurkaria
kexatu egin zen. Epaileak komuna miatu zuen, eta partidaren posizioa
eta Nigalidzeren sare sozialak zituen sakelako telefono bat topatu
zuen. FIDEk hiru urteko zigorra ipini zion, eta maisu handiko titulua
ere kendu zion. 2019an, Igor Rausis maisu handia harrapatu zuten
tranpetan. Epaileak berak komunera jarraitu, eta sakelakoa begiratzen
harrapatu zuen. Susmoa da Rausis urteetan ibili zela iruzur egiten.
Kasu horretan ere FIDEk titulua kendu zion. Zigorra, gainera,
gogorragoa izan zen: sei urtekoa.
Gertaera horiek zeresana eman zuten. Baina,
Navarroren ustez, egoera ez da hain larria: «Ez dut uste xakean
iruzurra hedatua dagoenik. Baina egia da jokalarien artean kezka sortu
dela. FIDEk horren aurkako arautegia du, eta, esan bezala, neurri
berriekin. Ipini diren zigorrak hor daude. Nire ustez, xakearen
etorkizuna ez dago arriskuan, baina ez diot behin betiko konponbidea
ikusten tranpen kontuari. Sen ona aplikatzea da biderik onena».
Carlsen Niemann afera
Duela gutxi gertatu zen Carlsenen eta Niemannen
arteko afera. Sinuefield Cup-eko hirugarren txandan izan zen,
irailaren 4an. Magnus Carlsenek Hans Niemann gaztearen aurka -19 urte
ditu estatubatuarrak- galdu zuen. Carlsenek 53 partida ofizial
zeramatzan jarraian galdu gabe, eta ezustea izan zen pieza zuriekin
munduko berrogeigarrenaren kontra galtzea.
Hurrengo egunean Carlsen torneotik erretiratu zen,
eta Twitterren iradoki zuen iruzur baten biktima izan zela.
Antolatzaileek neurriak zorroztu zituzten, baina epaileak esan zuen
tranpa zantzurik ez zegoela. Adituen esanetan ere, Carlsenen kontrako
partidan ez zen ordenagailuaren joko patroirik igartzen. Gainera,
zeuden segurtasun neurriekin, zaila zirudien Niemannek gailu
elektroniko bat erabiltzea edo kanpotik mezuren bat jasotzea.
Navarrok ere ez dauka batere argi: «Entzungailu
txiki bat belarrian? Carlsenen ordenagailua hackeatzea haren
prestakuntzaren inguruko informazioa izateko partida aurretik?
Carlsenen kolaboratzaile batengandik informazio hori eman izana?
Susmoak baino ez dira, eta froga barik ezin da epaitu eta zigortu».
Irailaren 19an Carlsenek berriro jokatu behar izan
izan zuen Niemannen kontra, Julius Baer Generation Cup-ean. Baina
bigarren mugimenduan, ezustean, norvegiarra errenditu egin zen, eta
alde egin zuen. Kirolez kontrako portaera izan zen, eta kritika
gogorrak jaso zituen. Irailaren 26an, gainera, ohar bat argitaratu
zuen, Niemannen ustezko iruzurraren inguruan zituen susmoei buruz.
Berriro ere ez zuen frogarik aurkeztu. Haren kontra ez duela berriro
jokatuko ere adierazi zuen.
Niemannek onartu du 12 urte zituenean Internet
bidezko partidetan iruzur egin zuela, baina sekula ez aurrez aurreko
partida ofizialetan. Gaineratu zuen prest zegoela bakartutako gela
batean biluzik jokatzeko, ez zuela ezer ezkutatzeko.
Egia da azken urteotan munduko zerrendan izugarri
egin duela gora. Horrek, eta aurretik iruzur egin izana onartzeak,
aurkarien susmoak areagotu ditu. Haren partida batzuetan zehaztasun
maila handiegia ikusi da. Baina, tranpetan ibili bada, nola egin du?
Niemannek Carlsen eta Chess.com plataforma
boteretsua
dauzka kontra. Torneo bat jokatzen duen bakoitzean, besteak baino
gehiago aztertzen dute. Baina jokatzen jarraitu du, eta tinko
defendatu du bere burua. Carlsen nabarmen geratuko da Niemannen
iruzurra frogatzen ez badu. Azkenaldian, gainera, haren irudi publikoa
asko kaltetu da. Aurrena, Munduko Txapelketako finala jokatzeari uko
egin zion: gero, Sinquefielden, partida bat galdu ostean erretiratu
zen, eta Generation Cupen errenditu egin zen. Baina larriena zera izan
da askorentzat: 19 urteko gazte bat frogarik gabe salatu eta
baztertzea.
“Ez dut uste xakean iruzurra
hedatuta dagoenik. Baina egia da jokalarien artean kezka sortu dela”
Manuel Navarro
FIDEko epailea
https://www.berria.eus/paperekoa/1872/020/001/2022-10-05/iruzurraren-susmopean.htm