Ostirala, 2023ko apirilaren 7a.
Liren Ding xake jokalaria, iaz Madrilen jokatutako Hautagaien
Torneoan. Bigarren amaitu zuen. FERNANDO VILLAR / EFE
Etzi hasiko da Xakeko Munduko
Txapelketako finala. Liren Ding ezustean dago bertan, baina duen sendotasunarekin
eta indar mentalarekin ezustea eman dezake.
Josu Tornay
Xakean jokatzen hasi zenean, Liren Dingek —Ding Liren izen-deituren
ordena txinatarrean— ez zuen distira askorik egin. 15 urte betetzear zegoenean
oraindik 2.300 Elo punturen azpitik zegoen. Adin horrekin, puntako jokalariak
2.500 eloren gainetik egoten dira, eta maisu handi titulua lortuta, edo
eskuratzeko bidean. 16 urterekin, ordea, ezustekoa eman zuen. Txinako Xake
Txapelketa irabazi zuen. 2009a zen, eta herrialde horretako historiako
txapeldunik gazteena izan zen Ding. Urte horretan, 2.500 elo puntuak gainditu
zituen, eta maisu handiko titulua lortu zuen. Dingek xakean izan zuen
garapenaren ezaugarria ez zen gaztetasuna izan, baizik eta ziurtasuna eta
egonkortasuna. 2017ko abuztuaren eta 2018ko azaroaren artean 100 partida
ofizial jokatu zituen galdu gabe, eta Mihail Talen errekorra gainditu. Ondoren,
Magnus Carlsenek lortu zuen soilik marka hori hobetzea; 2019an izan zen. Dingek
jokoan lortu duen egonkortasunaren adierazle dira elo puntuak. 2018tik, 2.788
eta 2.816 artean mantendu ditu. Hala, munduko bost xake jokalari onenen artean
egon da. Erregulartasun hori erakustea izango du helburu igandetik apirilaren
29ra bitarte jokatuko duen Xakeko Munduko Txapelketako finalean. Ian Nepomniachtchi
izango du aurkari.
Ding 1992an jaio zen, Wenzhou hirian. Xakeak indar handia du
han. Zhun Txen emakumezko munduko txapeldun ohia bertan jaio zen, besteak bete.
Lau urterekin xake piezak mugitzen hasi zen. Bere jokoa garatuz zihoala
erakutsi zuen urtero-urtero jokalari gazteentzako egiten zen Li Txengzhi Kopako
torneoetan. 2009an jokalari profesional izatea erabaki zuen. Hala eta guztiz
ere, gurasoen aholkuari jarraituz, ez zituen ikasketak utzi. Kirol emaitzei
esker, Pekingo unibertsitate ospetsu batean hartu zuten, eta Zuzenbide
ikasketak egin zituen. Kirolari profesionalaren bizitza eta ikasketa uztartzea
lortu zuen. Ezagutzen dutenek pertsona umila eta langilea dela nabarmendu dute.
Emozioak oso ondo kontrolatzen ditu, eta behin baino gehiagotan modu ia
sinestezinean egin die aurre lehietan izaten diren egoera zailei.
COVIDa tarteko, 2020an, Jekaterinburgen (Errusia) jokatu zen
Hautagaien Torneoan parte hartzeko berrogeialdia guztiz bakartuta igaro zuen.
Izan ere, Txinatik iritsi zen. Hala, oso gaizki hasi zuen torneoa. Sei
partidetatik hiru galdu zituen, eta azken postuan jarri zen. Baina egoera
iraultzea lortu zuen. Partida batzuk berdindu, eta azken hirurak jarraian
irabazi zituen. Bosgarren amaitu zuen.
2022an Madrilen jokatu zen Hautagaien Torneoa, eta indar
mental handia duela erakutsi zuen beste behin Dingek. Ez zegoen sailkatuta,
baina beste jokalari batek, Sergei Karjakinek, Ukrainako gerraren aldeko
adierazpenak egin zituen. Ondorioz, zigortu egin zuten, eta parte hartzeko
aukera eman zioten. Horretarako, ordea, torneoa hasi aurretik 30 partida izan
behar zituen zenbatuak. Oso urrun zegoen kopuru horretatik, eta xake partiden
maratoi bat egin behar izan zuen torneoan egoteko. Hilabete batean 28 jokatu
zituen. Partida horietan oso emaitza onak lortu zituen, eta nazioarteko
zerrendako bigarren postura igo zen. Ozta-ozta heldu zen torneora, jet-lag-ak
jota. Lehen partida, Nepomniachtchiren kontra jokatu zuen hain zuzen ere, eta
galdu egin zuen. Horren ostean, zazpi partida berdindu zituen jarraian. Berriro
ere bazirudien ez zuela distirarik egingo. Baina azken sei partidetatik lau
irabazi zituen. Tartean Hikaru Nakamurari irabazi zion. Horri esker, aurrea
hartu zion sailkapenean, eta bigarren amaitu zuen.
Postu oso ona zen. Baina Munduko Txapelketako finala, berez, Nepomniachtchik
eta Carlsenek jokatu behar zuten. Baina azkenerako Carlsenek uko egin zion
munduko txapeldun titulua defendatzeari, eta horrek eman dio Dingi finalean
egoteko aukera.
Finala Astanan (Kazakhstan) jokatuko da. Egun, Nepomniachtchi
munduko bigarrena da, eta Ding hirugarrena. Orain arte, hamahiru partida
ofizialetan lehiatu dira elkarren aurka. Zortzitan, berdinduta amaitu zuten;
hiru Nepomniachtchik irabazi zituen, eta bi Dingek. Errusiarraren abantaila
posizio konplexuetan eta dinamikoetan egon daiteke. Baina Ding oso ona da
defentsako lanean, eta norgehiagoka luze batean aurkari gaiztoa da. Gainera,
egonkortasuna ageri ohi du, eta egoera zailak iraultzeko gaitasuna, eta horrek
guztiak irabazteko aukera eman diezaioke. Munduko Txapelketa dago jokoan, eta
halakoetan edozer gauza gerta daiteke. Historiak hori erakutsi du.
Jokatzeko erari dagokionez, ezusterik izan ezean, Nepomniachtchi
jokoaren ekimena izaten ahaleginduko da; Ding, berriz, posizio sendoak izaten
ahaleginduko da, defentsaren bitartez. Azken batean, errusiarrak pazientzia
galtzea bilatuko du. Hori gertatu denean, adibidez 2021eko Munduko Txapelketan,
Carlsenen kontra, Nepomniachtchik huts handiak egin izan ditu.
Sinesgarritasuna airean
Mahai gainean dagoen beste kontu bat da zein sinesgarritasun
izango duen garaileak. Izan ere, Carlseni irabazi gabe jantziko du txapela.
Halakoak gertatu izan dira lehenago, eta beti eman dute zeresana. Anatoli
Karpovi gertatu zitzaion 1975ean. Bobby Fischerren kontra jokatu barik jantzi
zuen koroa. 1993an, Garri Kasparov FIDE Munduko Xake Federaziotik irten zenean,
FIDEko txapeldunek ez zuten sinesgarritasunik izan. Denen iritziz, Kasparov zen
txapelduna.
Orain, berriro ere, FIDEk txapeldun bat izango du. Baina
gehienen iritziz, benetako txapelduna Carlsen da oraindik ere. Kontuan izan
behar da Carlsenek finala ez jokatzeko emandako arrazoia, formatua izan zela.
Horrenbestez, gerta daiteke FIDE ez den beste erakunde, enpresa edo norbanako
batek beste formatu bat proposatzea, norvegiarrak gustuko izatea, eta diru asko
jartzea mahai gainean. Hori gertatuko balitz FIDEk boterea galduko luke, baita
Munduko Txapelketak ere. Hala gertatu zen Kasparov FIDEtik irten zenean.
Nepomniachtchi jokoaren ekimena izaten
saiatuko da, eta Ding posizio onak lortzen defentsako jokoari esker
https://www.berria.eus/paperekoa/1872/018/001/2023-04-07/talentua-eta-ausardia-indar.htm