berria.info

 

Osteguna, 2023ko apirilaren 20a.

 

Iñigo Argandoña Groseko xake elkartean, Euskadiko Txapelketa irabazi berritan.

 

Iñigo Argandoña Groseko xake elkartean, Euskadiko Txapelketa irabazi berritan. ANDONI CANELLADA / FOKU

 

Iñigo Argandoña nazioarteko maisuak Euskadiko xake txapelketa irabazi berri du, Getxon. Donostiako jokalaria txapelketa irabazteko borrokan aritu da aspalditik.

 

Bi hamarkada geroago, saria

 

Eliseo Argandoña aitak Eliseo semeari xakearekiko zaletasuna piztu zion, eta hark bere bi semeei: Iñigori eta Joni. 1989an, Iñigo, Intxaurrondoko klubean federatu zen. 8 urte zituen. Baina 1991n haren aitak eta zenbait lankidek Gros Xake Taldea sortu zuten. Eliseo klub berriko presidente izendatu zuten, eta gaur egun, 32 urteren ostean, oraindik kargu bera dauka. Iñigo semea aitak sortutako klubera aldatu zen.

 

Hortik gutxira ikusi zen etorkizun handiko jokalaria zela. Torneoetan lortutako garaipenak ikustea besterik ez dago: bi aldiz izan zen Euskadiko txapeldun kimuen kategorian; behin haurretan; hiru aldiz kadetetan —horietako bat oraindik haurren kategorian egonda— eta behin gazteetan.

 

2000. urtean, 18 urte zituela, Euskadiko Txapelketa nagusian hartu zuen parte lehen aldiz. Gorenean ziren jokalariekin lehiatu ahal izan zen; besteak beste, Felix Izeta eta Mario Gomez maisu handiekin. Normala denez, aldi hartan ez zuen irabazi, baina espero zen handik gutxira txapela janztea, beheko kategorietan egindakoa berretsiz.

 

Baina txapelak lortzea zaila da. Horren seinale, azkenerako bi hamarkada behar izan dituela. Asteburuan jantzi zuen, Getxon. «20 urte baino gehiago kostatu zait txapelketa hau irabaztea», izan ziren haren lehen hitzak sariak banatzeko hitzaldian.

 

Urte askotan gertu egon da. Haren parean ibili diren beste jokalari batzuek, adibidez Santi Gonzalez nazioarteko maisuak, txapela janztea lortu zuten. «Santi eta biok lagunak gara, eta adin berekoak, baina hark sei aldiz irabazi du titulua, eta nik orain arte ez neukan Euskadiko Txapelketarik irabazita», adierazi du Argandoñak.

 

Orain arte ez irabazi izanaren inguruko hausnarketa egin du segidan: «Momentu bat heldu zen, non txapelketa irabazteko presioa handiegia zen, eta horrek ez zidan mesede egin. Irabazten zailena beti da lehen titulua. Lehenago lortu izan banu, nire ustez orain hiruzpalau edukiko nituzke».

 

2011n, 30 urterekin, izan zuen gertuen: «Jokalari indartsuenak gainditu nituen, baina hori ez da nahikoa. Zorte puntu bat behar duzu txapeldun izateko, eta torneoak irabazteko nolabaiteko trebetasuna. Hori ez da soilik ondo jokatzea».

 

2016an izan zuen elo puntu kopuru handiena: 2.453, hain zuzen. Espainiako zerrendako 50 onenen artean zegoen. Baina kasu horretan ezin izan zuen txapelketan parte hartu. «Gero, aita izateak nire lehentasunak aldatu zituen. Partidetan zure onena eman ezin duzunean, jokalari sendoa izateari uzten diozu. Nire lehiatzeko grina ez da berbera aita naizenetik».

 

Hemezortzi jokalari

 

Aurtengo Euskadiko Txapelketan, Xabier Barbazan izan da bigarren sailkatua eta Fabian Peña hirugarrena. Torneorako hemezortzi jokalari zeuden sailkatuta, eta horietatik lauk baino ez zituzten 2.200 elo puntu baino gehiago. Argandoña horri buruz ere mintzatu da: «2020. urte arte txapelketaren maila beti oso altua izan zen, baina azken urteotan jokalari indartsu batzuk faltan izan dira. Maila jaitsi egin da Euskadiko Txapelketan, interesa ere jaitsi egin delako. Agian badaude horretarako arrazoiak: baldintzak, torneoaren formatua... Hobetu egin daitezkeen gauzak dira, torneoa erakargarriago egiteko helburuarekin».

 

Horri lotuta, Argandoñak Euskal Herriko xakearen etorkizunari buruzko iritzia eman du: «Epe motzean ez dut nazioarteko maisu edo maisu handi berririk ikusten. 1989ko belaunalditik oso gazte gutxik lortu dute 2.300 elo punturen muga gainditzea, eta horietako batzuek, gainera, xakea utzia dute dagoeneko. Euskadin zaletasun handia dago, eta jokalari onak izan dira. Baina orain, gutxiago dira gorenera iristeko egin behar den sakrifizioa egiteko prest dauden jokalariak. Nire ustez, gaur egun distrakzio asko daude, aukera asko, eta esfortzu handia egiteko gogo gutxiago».

 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen kirol legeari buruz ere mintzatu da Argandoña: «Bakarrik hemen debekatzen zaie umeei 11 urte bete aurretik lehiatzea, eta horrek ez dauka inongo zentzurik. Klub baten egotea eta beste ume batzuekin xake lehietan ibiltzea ona da. Balioak ikasten dira». Federazioek gai hori nola kudeatu duten ere kritikatu du: «Irudipena daukat batzuetan federazioek lege hau aitzakia moduan erabili dutela».

 

Argandoña euskal selekzioko hautatzailea da, eta horri ere erreparatu dio. «Euskal selekzioarekin norgehiagoka garrantzitsuak jokatu ditugu: adibidez, Argentinaren eta Kubaren kontra. Baina egia da orain gutxiago jokatzen dugula. Ofizialki lehiatzeko saiakerak badaude, eta Euskal Federazioa mugitzen da, baina zaila da. Niri gustatuko litzaidake ofizialki gure selekzioarekin lehiatzea».

 

Euskal Xake Federazioak antolatutako ekintzetan Nafarroako jokalariek eta taldeek parte hartzearen kontra mugimenduak daude. Argandoñak argi dauka: «Talde nafar barik Euskal Liga ez litzateke benetako Euskal Liga izango. Kontran daudenek aitzakia ekonomiko eta logistikoak argudiatzen dituzte, baina, nire ustez, atzean dagoena ideologia konkretu bat da. Nahiz eta zarata atera, oso gutxi dira».

 

Azken asteetan xakearen zaleek Munduko Txapelketako finalean dute arreta jarria, Dingen eta Nepomniachtchiren arteko norgehiagokan. Finalaren inguruan iritzia eman du: «Ding jokalari trebeagoa iruditzen zait, baina mentalki ezegonkorragoa. Beraz, edozer gauza gerta daiteke».

 

“Momentu bat heldu zen, non txapelketa irabazteko presioa handiegia zen. Horrek ez zidan mesede egin”

 

Iñigo Argandoña

Euskadiko xake txapelduna

 

https://www.berria.eus/paperekoa/1872/028/001/2023-04-20/bi-hamarkada-geroago-saria.htm